2022/12/25

Euskararen integrazioa erakusleihoan 2022

Pasa dira bost urte herriko erakusleiho lehiaketan kategoria hau sortu genuela eta ordutik ona oso pozik gaude lortutako emaitzekin. Gero eta gehiago baitira euskarazko mezuak ipintzera animatzen diren establezimenduak, are politago eta ikusgarriago eraikita lanak.

Kontuan izanik gabon garaian egin ohi den erosketa kopuru handia, oso garrantzitsua da euskararen presentzia ziurtatzea kalean, eta horretarako erakusleihoek toki pribilegiatua eskaintzen dute. Horren jabe izanda sortu genuen kategoria hau bere garaian eta benetan eskertzen dugu urte hauetan establezimendu ezberdinek emandako laguntza. Ez bakarrik komertzioena, baita ere kategoria honen epaimahai gisa aritu direnena, hala nola: Laudioko AEK, Laudioko Udal Euskaltegia, Aiaraldea Ekintzen Faktoria eta Patxi Iturregi. Mila esker zuen laguntzagatik eta proiektu polit honen parte izateagatik!

Aurtengo saria Lur belar-dendak eraman du, merezitako lan itzelaren ostean, eskerrik asko lur eta zorionak egin duzuen lanagatik!!!!




2022/12/19

Gabonetako mezuetatik haratago

Gabonetako mezuetatik haratago, jarraitzen dugu euskarazko euskarriak egiten eta erakusleihoetan ikusgai ipintzen. Honen adibide, aste honetan Saroi loradendan ipinitako euskarri berria, ordutegiarena.

Pausu txiki baina erabateko garrantzia duena euskararen presentzia gure herrian areagotu nahi badugu.

Eskerrik asko Saroi!!!!!💓💓💓


2022/12/12

Erakuslehio lehiaketa 2022

Urtero bezala eta gure kaleak euskarazko hitzez bete nahian, Laudioko merkataritza egitasmoaren barruan eta herrian ospatu ohi den Erakusleiho lehiaketa aprobetxatuz, euskararen kategoria saria banatu nahi dugu.

Aurten 17 establezimendu animatu dira euren erakusleihoetan euskarazko mezuak ipintzera eta horrek biziki pozten gaitu, kaleak alaitzeaz aparte eta herriari bizitasuna emateaz gain, euskararen normalizazioan izugarrizko garrantzia duela uste dugulako.

Komertzio hauek 300 euroko bonoa eskuratzeko aukera izango dute irabazle suertatuz gero Laudioko establezimenduetan kontsumitzeko. Irabazlea irabazle guretzat guztiak dira esker onekoak. Horren erakusgai hemen behean jarri ditugun argazkiak.

LAUDIO BIZI EUSKARAZ BIZI!!!!





2022/10/25

Laudion euskarriez blai

Egitasmoan parte hartzen duten entitate batzuek, Hyudai Eskak bezala, aspaldidanik dituzte errotulu eta euskarazko euskarriak ikusgai. Beste hainbat, Gorobel kirolgunea esaterako, orain hasi dira jabetzen euskarriek duten garrantziaz eta kartel ezberdinak euskaratzen hasi dira, bereziki Euskaraldiari begira, baina aurrerantzean ere euren negozioetan erabiltzeko asmoz. Horretarako argazki hauek ekarri ditugu gaur blogera, eredugarri izan daitezen guztiontzat.




2022/10/20

Euskaraldirako dendak prestatzen

Hilabete bat baino gutxiago falta da aurtengo Euskaraldiari hasiera emateko.  Horretaz jabetuta, Laudioko dendek ez dute atzean geratu nahi izan, horregatik, horietako askotan hasi dira dagoeneko euskarazko euskarriez euren erakusleiho eta bestelako eremuak betetzen.

Gaur bi dendetako euskarriak ekarri ditugu hona: Lambarri bitxitegikoa bata eta Carlos arrandegikoa bestea. Oso negozio ezberdinak, baina euskararen aldeko apostua egin dutenak, bakoitzak bere neurrian eta ahal duena eginez, noski!!!

 



 

 

2022/09/28

Ile-apaindegian euskaraz

Gaurko honetan Jana ile-apaindegia dugu hizpide. Ile-apaindegi honek euskarazko zerbitzua eskaintzen du aspalditik eta horrek bultzatu zuen bere momentuan merkataritza egitasmoan parte hartzera. Gogotsu hasi ziren eta horrela jarraitzea espero dute urte askotan.

Aurten apostu berria egin dute lokalarekin eta areto berria estreinatu dute Ardantzar 1 kalean. Ordutegia eta beste hainbat euskarri euskaraz ipini dituzte, horietako batzuk diseinu propioarekin.

Laster etorriko zaigun Euskaraldian, beraz, ile-apaindegi honetan baduzue praktikatzeko eta euskaraz kontsumitzeko aukera ederra eta zerbitzu paregabea eskainita!!!!!!!!!!




2022/09/16

Gorobel Kirol gunean zerbitzua euskaraz

Gorobel Kirol gunean hasieratik eman zaie bezeroei euskarazko zerbitzua eta hori berresteko atzo maila ertaineko konpromisoa sinatu zuen udalarekin. Horrez gain, bestelako konpromiso batzuk hartu dituzte, esaterako, barne karteleria euskaratzea edo telefonoz lehen hitza euskaraz izatea.

Arduradunetariko batek adierazten digun bezala, euskarazko zerbitzua ezinbestekoa da enpresa honetan, jende askok eskatzen duelako eta horrek enpresari balio erantsia ematen dio. Sozialki ere berebiziko garrantzia du kirol gune hauen euskalduntzeak, orain arte arlo honetan oso lan gutxi egin delako, kirol zentro gehienetan gaztelania hutsean egiten baitziren saioak. Euskararen erabilerari begira, badago lana arlo honetan, eta horri ekiteko garaia da zalantzarik gabe.

Hortaz, kirola giro onean eta euskaraz egin nahi duenak badauka bere tokia Laudion!!!!!!!



2022/09/12

Euskarazko euskarriak Laudioko tabernetan

Laudioko taberna batzuetatik pasatu berri gara udazkenean, eta asko poztu gara euskarazko euskarriak agerian ikusteaz. 

Laster jarriko da martxan 2022 urteko Euskaraldia eta horrelako ekimenek izugarri laguntzen dute euskararen erabilera eta presentzia bultzatze aldera. Beti ere gogoratuz karteleriak betetzen duen funtzioa euskara agerian eta kalean ikusgai izatea dela, baina ez ahaztu garrantzitsuena norberaren lana dela, hau da, bezeroekin sortzen dugun harremana, eta gure denda eta tabernetan sortzen dugun giroa. Horrek eragin zuzena duelako hizkuntzaren hedapenean.

Animo eta segi horrela, Laudio Bizi Euskaraz Bizi!!!


 




2022/09/02

Ez & Bai errotulazioa euskaraz

Ez & Bai arropa-dendak urteak daramatza merkataritza planean parte hartzen, eta hasieratik euskararen presentziari garrantzi handia eman dio. Hainbat sari ere bertan kontsumitu izan dituzte irabazleek. Urtero parte hartzen du komertzio honek "Euskara, Sari Ziurra" kanpainan eta euskararen aldeko beste hainbat ekimenetan, esaterako: Euskaraldian, Laudioko euskararen mapan...

Aurtengo udan lokala tokiz aldatu dute eta euskarazko errotulazioari toki berezia egin diote argazkietan ikus dezakezuen bezala.







2022/07/14

Baimen etxetresnak

Baimen etxetresnen denda, merkataritza egitasmoaren aspaldiko partaidea da, eta uda honetan kartel berri hau egitea erabaki dute, euren konpromisoa berresteko. Denda honetan euskarazko zerbitzua jasotzeko aukera dute bezeroek.

Gogoratu errotuluak euskaratzeko diru-laguntzak ere abian jarri ditugula, eta azarora arte eskatzeko epea zabalik dagoela.

Euskara inoiz baino indartsuago dago Laudio herrian, Laudio bizi, euskaraz bizi!!!!!!!



2022/07/03

Saroi, kiden eta Eztia

 Saroi loradendan, Kiden osasun eta kirol zentroan eta Eztia estetika zentroan ere euskarazko euskarri berri eta ederrak ipini dituzte, bezeroei gogoraraziz zentro hauek merkataritza euskaraz egitasmoarekin bat egiten dutela. Pausu txikiak baina oso garrantzitsuak merkataritzaren arloan.

 

Saroi loradendak kartel hau ipini du euskaraz, aspaldiko kartela da eta hilabeteak daramatza zerbitzu hau eskaintzen, baina orain euskaraz nabarmendu nahi dute.

 

Eztia estetika zentroak solariumeko ordutegi eta prezioak berritu ditu eta horren berri euskaraz eskaintzea erabaki du. Zentro honetan euskarazko zerbitzua eskaintzen dute %100ean.


 

Kiden osasun eta kirol zentroan kartel hau euskaratu dute. Eurentzako ezinbestekoa den kartela da eta edozein bezerok berehala ikusten duena.

2022/06/26

Euskarazko karteleriak indartsu darrai

Egitasmoan dauden merkatariek jarraitzen dute euskarazko kartelak eskatzen eta ikusgai ipintzen. Aste honetan, besteak beste, Ugarteko estankoan jarri dituzte batzuk eta polito geratu zaizkie.

Beste hainbat establezimenduetan ere animatu dira, hala nola, Kiden osasun eta kirol zentroan, Eztia estetika zentroan, Eusko PC informatika-dendan, Saroi loradendan eta Reguera margo-dendan.

 



2022/06/08

Gozogintza euskaraz

 Inoiz ez da une txarra merkataritza egitasmoan sartzeko, hala uste du Veronicak, "Erase un pastel" establezimenduaren jabeak. 

Emakume honek gozogintzaren aldeko apustua egin du, eta bere negozioari balio erantsia eman nahian, zerbitzua euskaraz eskainiko dio nahi duenari. Horretarako, maila ertaineko hitzarmena sinatu du udalarekin eta laster metakrilato polita izango du dendan ikusgai, bere euskararekiko atxikimendua erakusten duena.

Karteltxoren bat euskaratzea ere espero du etorkizunean, baita produktuen eskaintza ere. Horretan lagunduko dio udalaren euskara zerbitzuak. konpromisoa azken finean, alde bikoa baita.

Hitzarmenkideen familia ugarituz doa eta horrela izatea espero dugu urte askotan!!!! 

Laudio bizi euskaraz bizi!



2022/05/30

Kuokka hitzarmenkide

Joan den astean, Laudioko kaleetan barrena gindoazela, negozio polit hau deskubritu genuen, eta gure harridurarako, haren horma batean euskarazko hitz batzuk topatu genituen. Ez genuen denborarik galdu hara hurbildu eta egitasmoan parte hartzera gonbidatzeko.

Patriciak, haren jabeak, gustura hartu gintuen eta berarekin solasaldi interesgarria izan ondoren, egitasmora biltzeko erabakia hartu zuen. Bere establezimenduan langile euskaldunak daudela komentatu zigun, baita berauen aukeraketan euskalduna izateak pisu handia izan zuela azpimarratu ere. Patriciarentzat gaur egun beharrezkoa da langileek euskarazko zerbitzu bat emateko gaitasuna izatea.

Horregatik, ostiralean maila ertaineko konpromisoa sinatu zuten udalarekin, eta hemendik aurrera bezero euskaldunen kopurua areagotzea espero dute.

Establezimendu eder hau bisitatzea gomendatzen dizuegu eta bertoko langileekin euskaraz hitz egitera animatzen zaituztegu!



2022/05/24

Euskarri berriak Laudioko okindegietan

Laudioko Iza, Tahona eta Otarte okindegietan euskarazko euskarri ederrak jarri dituzte hilabete honetan, batzuen kasuan, eurek propio diseinatuta. Ikasteko erabilgarriak izateaz gain, produktuen publizitatea euskaraz egiteko aukera paregabea da, eta establezimendua euskararen erabilerari begira posizionatzeko ere balio diguna.

Hor jarraitzen dugu, kartelak diseinatzen eta banatzen!!!!

Laudio bizi euskaraz bizi!!!!




2022/05/13

Euskaraz kontsumitzeak sari goxoa du!

Zalantzarik gabe, euskaraz kontsumitzea ez da erraza izaten askotan, eta horretarako eta badira jada 10 urte,  martxan jarri genuela Laudioko merkataritza euskalduntzeko egitasmoa: "Laudioko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresetarako euskara plana".

Egitasmo honen hasieratik urtez urte errepikatu dugu "Hazka eta Irabazi" kanpaina, "Euskara, Sari Ziurra" izenekoa, uste dugulako merkataritzan euskararen erabilera saritu beharra dagoela, erabilpen hori hedatu ahal izateko. Gainera, kanpaina hau merkatari eta udalaren arteko elkarlanean oinarritzen da, eta uste dugu hori dela bere arrakastaren arrazoi nagusienetariko bat.

Aurtengo kanpainak indar berezia izan du, bi urteko geldialdiaren ondoren, merkatariek gogo biziz hartu dutelako, baita kontsumitzaileek ere, noski. Horrela, sari handien zozketan, hiru irabazle izan ditugu aurten. Bakoitzak bere sariak jaso ditu, eta honen erakusgai duzue beheko argazki hau, Goxotxu okindegian egina. Argazkian ikusten den bezala, saria tarta goxoa izan da, sarituak berak aukeratua, eta okindegi honetan espresuki egina irabazlearentzat.

Hurrengo urtean sari eta saritu gehiago argazkitan erakustea espero dugu, euskaraz kontsumitzeak merezi duelako!

 



2022/05/02

Nerbio harategia, harategi euskaldun

Laudioko merkataritza eta ostalaritzarako euskara egitasmoak kide berria du joan den astetik aurrera: Nerbioi harategia. Harategi honetan produktu goxoak eta ezohizkoak erosteko aukera izango dute bezeroek eta horrekin batera, euskarazko zerbitzua jasotzeko ere bai. 
 
Euskarazko euskarriak ere laster izango ditu ikusgai, zeren zain zaudete??? 

Euskarri didaktikoak

Merkataritza eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatu nahi badugu, berebiziko garrantzia du denda zein tabernetan dauzkagun kartelak eta iragarkiak euskaraz irakurtzeko aukera izatea. Euskarazko kartel hauek, erreferente izateaz gain, lan didaktiko handi bat suposatzen dute. Horretaz jabetzen hasiak dira gure merkatariak eta horregatik, gero eta gehiago dira euskaratzeko eskatzen diren kartelak. Hemen adibide polit bat, Arrañope tabernan aurkituko duguna.




2022/04/14

Euskara Sari Ziurra sariak

Aurten "Euskara, Sari Ziurra" kanpainaren sari handien zozketa inoiz baino arrakastatsuagoa izan da. Zozketa giro ederrean egin genuen Aldai plazan, korrika egunean, bertaratutako jendearen laguntzarekin. Handik egun batzutara lehenengo irabazlea agertu zen, neska honek produktu ekologikoen saskia jaso zuen Lur belar-dendan.

Ondoren, bi lagun jada gurekin harremanetan ipini dira esateko saria tokatu zaiela. Bati tarta Goxotxu okindegian eta besteari 30 euroko bonoa Ez & Bai arropa-dendan. Oraindik ez dugu beste bi pertsona hauen argazkirik jaso, baina jaso bezain pronto argitaratuko ditugu.

Biziki pozten gara sariak jaso dituzuelako, eta ez horregatik bakarrik, baizik eta askok deitu diguzuelako sariei buruz galdezka, horrek esan nahi du parte hartzea handia izan dela eta behintzat parte hartu duzuen guztiok esfortzua egin duzuela Laudioko establezimendu hauetan euskaraz egiten. Beraz, zorionak irabazle guztioi, sari handi zein txikiak jaso dituzuenoi eta milesker kanpaina polit honetan parte hartzeagatik!!!!!





2022/03/21

Hazka eta irabazi!

10 egun pasa dira aurtengo "Euskara, Sari Ziurra" kanpaina hasi zenetik, Laudio herrian euskararen erabilera sustatzeko, eta Laudioko ostalari zein merkatariak gogotsu ari dira txartelak banatzen. Anima zaitez, kontsumitu euskaraz parte hartzaile diren establezimenduetan, eta sari ederra jasoko duzu!! Eta gogoratu zozketarako zenbakia tokatuz gero, ondo gorde behar duzula martxoaren 31ra arte, egun horretan zozketa publikoa egingo baitugu Aldai plazan, kaleko jendearen laguntzaz!!!!! 

HAZKA ETA IRABAZI!!!




2022/03/10

Laudio Fabrik Euskaraz!

Atzotik aurrera eta Ciro bere jabearekin elkarrizketa goxoa izan ondoren, Laudio Fabrik garagardotegiak Laudioko merkataritza euskalduntzeko egitasmoan parte hartuko duela adierazi du, maila ertaineko konpromisoarekin.

Garagardotegi honetan jada euskarazko kartelak dauzkate ipinita komunetan, pausu txiki baina garrantzitsua, hizkuntza paisaiari dagokionez. Baina kartel eta errotulu gehiago euskaratzeko asmoa dute, udalaren laguntzarekin.

Horrez gain, garagardotegi honetan bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintze zaie, eta hori adierazteko laster metakrilatoak izango dituzte ikusgai.



2022/03/04

Euskara, Sari Ziurra 2022

Datorren ostiralean, aurtengo "Euskara, Sari Ziurra" kanpainari hasiera emango diogu, 82 parte hartzailerekin! Horrela, bezero euskaldunak saritu nahi ditugu eta bezeroak oro har euskaraz hitz egitera animatu. 

Boletoak jaso ahal izango dituzte euskaraz kontsumitzen dutenek edota gutxieneko saiakera bat egiten dutenek. Batzuek sari zuzena izango dute eta beste hainbatek zozketarako zenbakia. Bigarren kasu honetan, zozketa egunera arte gorde behar izango dira, eta sarituak izan diren edo ez konprobatu.

Martxoaren 11tik 30era banatuko dira boletoak, kartelean ikus ditzakezuen establezimenduetan. Zozketa, martxoaren 31an egingo da Aldai plazan, arratsaldeko 20:00etan.

Anima zaitezte Laudion euskaraz kontsumitzera!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!




2022/03/01

Otarten beste hainbat euskarri

Otarte okindegiek jarraitzen dute euskarazko euskarrien aldeko apostua egiten. Horrela, mota ezberdinetako euskarriak euskaratu dituzte azkenaldian okindegi ezberdinetan. Oraingoan, Aretan duten okindegian egon gara eta sorpresa honekin egin dugu topo: Fruten izenak dauzkaten karteltxo politak! 

Hemen karteltxo horien argazki bat!!!!



2022/02/07

Euskarriak Otarten

Otarte okindegiak euskarri berriak ipini ditu ikusgai aste honetan eta honekin bezeroak animatu nahi ditu erosketak euskaraz egitera. Beraz, aitzakiarik ez Otarten euskaraz eskatzeko!!!!!!!!!!


2022/01/25

Euskarriak Aiala bidoetxean

Aiala bideoetxeak gaur estreinatu ditu euskarri berriak. Neurri eta mota ezberdinetako euskarriak jarri dituzte euskaraz dendan zehar. Urte amaieran ekin zioten euskararen sustapenaren aldeko konpromisoa hartzeari eta urte berriarekin gogotsu ari dira establezimendu honetan!!!!!!!!!!!!!



2022/01/17

Euskarriak Eroski bidaiak agentzian

Eroski bidaiak agentziak urteak daramatza egitasmoan parte hartzen. Urte amaitzear zegoela, kartel bat berritzea proposatu genion eta urte berriarekin kartel hori dagoeneko agentzian dago ikusgai, agentziari berritasun kutsu bat ematen diolarik. 

Kartel hauek eskuratzea oso erraza da, gurekin harremanetan jarri ohiko bideak erabilita eta berehala egingo zaizu zuen neurrira.


2022/01/12

El Valle Kafetegian metakrilatoa

Urte amaieran jakinarazi genizuen 3 establezimendu gehitu zirela gure egitasmora, euren artean El Valle kafetegia. Urte hasierarekin taberna honek beste aurrerapausu bat eman du, eta metakrilato bat ipini du ikusgai, zerbitzari euskaldun bat identifikatzeko. Espero dugu aurten askoz gehiago izatea metakrilatoak ipintzera animatzen zareten establezimenduak. Gogoratu behar dugu oso tresna ona dela establezimenduetan bezeroak euskaraz egitera animatzeko, identifikazioak lasaitasuna ematen baitio bezeroari. Animo Asier!!!