2022/09/28

Ile-apaindegian euskaraz

Gaurko honetan Jana ile-apaindegia dugu hizpide. Ile-apaindegi honek euskarazko zerbitzua eskaintzen du aspalditik eta horrek bultzatu zuen bere momentuan merkataritza egitasmoan parte hartzera. Gogotsu hasi ziren eta horrela jarraitzea espero dute urte askotan.

Aurten apostu berria egin dute lokalarekin eta areto berria estreinatu dute Ardantzar 1 kalean. Ordutegia eta beste hainbat euskarri euskaraz ipini dituzte, horietako batzuk diseinu propioarekin.

Laster etorriko zaigun Euskaraldian, beraz, ile-apaindegi honetan baduzue praktikatzeko eta euskaraz kontsumitzeko aukera ederra eta zerbitzu paregabea eskainita!!!!!!!!!!




2022/09/16

Gorobel Kirol gunean zerbitzua euskaraz

Gorobel Kirol gunean hasieratik eman zaie bezeroei euskarazko zerbitzua eta hori berresteko atzo maila ertaineko konpromisoa sinatu zuen udalarekin. Horrez gain, bestelako konpromiso batzuk hartu dituzte, esaterako, barne karteleria euskaratzea edo telefonoz lehen hitza euskaraz izatea.

Arduradunetariko batek adierazten digun bezala, euskarazko zerbitzua ezinbestekoa da enpresa honetan, jende askok eskatzen duelako eta horrek enpresari balio erantsia ematen dio. Sozialki ere berebiziko garrantzia du kirol gune hauen euskalduntzeak, orain arte arlo honetan oso lan gutxi egin delako, kirol zentro gehienetan gaztelania hutsean egiten baitziren saioak. Euskararen erabilerari begira, badago lana arlo honetan, eta horri ekiteko garaia da zalantzarik gabe.

Hortaz, kirola giro onean eta euskaraz egin nahi duenak badauka bere tokia Laudion!!!!!!!



2022/09/12

Euskarazko euskarriak Laudioko tabernetan

Laudioko taberna batzuetatik pasatu berri gara udazkenean, eta asko poztu gara euskarazko euskarriak agerian ikusteaz. 

Laster jarriko da martxan 2022 urteko Euskaraldia eta horrelako ekimenek izugarri laguntzen dute euskararen erabilera eta presentzia bultzatze aldera. Beti ere gogoratuz karteleriak betetzen duen funtzioa euskara agerian eta kalean ikusgai izatea dela, baina ez ahaztu garrantzitsuena norberaren lana dela, hau da, bezeroekin sortzen dugun harremana, eta gure denda eta tabernetan sortzen dugun giroa. Horrek eragin zuzena duelako hizkuntzaren hedapenean.

Animo eta segi horrela, Laudio Bizi Euskaraz Bizi!!!


 




2022/09/02

Ez & Bai errotulazioa euskaraz

Ez & Bai arropa-dendak urteak daramatza merkataritza planean parte hartzen, eta hasieratik euskararen presentziari garrantzi handia eman dio. Hainbat sari ere bertan kontsumitu izan dituzte irabazleek. Urtero parte hartzen du komertzio honek "Euskara, Sari Ziurra" kanpainan eta euskararen aldeko beste hainbat ekimenetan, esaterako: Euskaraldian, Laudioko euskararen mapan...

Aurtengo udan lokala tokiz aldatu dute eta euskarazko errotulazioari toki berezia egin diote argazkietan ikus dezakezuen bezala.