2024/11/30

Establezimendu aktiboenen saritzea 2024

Atzo, Euskararen eguneko ekitaldia ospatu zen Laudion, eta hori aprobetxatu genuen Tximeleta arropa-dendakoei eta Grafiksarea enpresakoei otzara bi banatzeko. Opari hauekin, urtean zehar eta merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa txikietarako euskara egitasmoaren barruan egonik, euskararen normalizazioaren alde egin duten lana eta esfortzua saritu nahi izan dugu.

Bai Tximeletan bai Grafiksarean, langile guztiak euskaldunak dira eta bezeroak euskaraz artatzen dituzte, haiek hala eskatzen dutenean. Horrez gain, hizkuntza paisaia ere euskaldundu egin dute: kartelak, letreroak, errotuloak...eta gure egitasmoaren baitan antolaturiko kanpaina guztietan parte hartze handia erakutsi dute, ez bakarrik aurten, baizik eta urteetan zehar. Horrek asko pozten gaitu.

Mila esker eta goza itzazue sariak!!!!

 



2024/10/17

Metakrilato berriak

Jasone ile-apaindegiko Janirek ere metakrilatoa eskatu digu bezeroekin euskaraz hitz egiteko gaitasuna eta prestutasuna erakusteko.  Aste honetan eraman diogu eta jadanik ikusgai dauka ile-apaindegiko mostradorean. Neska gazte honek argi dauka euskarak balio erantsia eskaintzen diola bere lanari eta nahi izanez gero bezeroak gustura artatuko ditu euskaraz.

LAUDIO BIZI, EUSKARAZ BIZI!!!!!



2024/10/08

GARBIÑE ARAUZORI ELKARRIZKETA

Tximeleta arropa-dendan ere egon gara eta bertako jabeari, Garbiñe Arauzori, elkarrizketa egin diogu. Hemen behean ikusgai ipini dugu harekin egindako elkarrizketa osoa. LAUDIO BIZI, EUSKARAZ BIZI!!!



2024/09/19

Metakrilatoak arrandegietan

Metakrilatoak funtzio garrantzitsua betetzen du gurea bezalako egitasmo batean, izan ere, merkatari, ostalari edota langile euskaldunak identifikatuz gero, errazago eta erosoago izango zaie bezeroei euskaraz egitea, eta honi esker salerosketak euskaraz egiteko aukerak biderkatuko dira. 

Zure establezimenduan horrelako bat behar izanez gero, eskatu eta berehala helaraziko dizugu. Eta zure euskara oraindik oso ona ez bada, edo elkarrizketetan oso seguru sentitzen ez bazara, "Nirekin euskaraz baina astiro" gisako metakrilatoa egingo dizugu bezeroei hori argi uzteko.

Gaur, Toñi arrandegiko Ane eta Ikerri eman dizkiegu metakrilato berriak, eta dagoeneko ikusgai dituzue bertara joaten bazarete.

LAUDIO BIZI, EUSKARAZ BIZI!!!!



El lio taberna

Gero eta gehiago dira egitasmoarekin bat egiten duten jatetxe eta tabernak. Orain dela gutxi El lio tabernak sinatu du maila ertaineko hitzarmena Udalarekin. Ikastolako ikasle ohiek osaturiko plantilla nagusi izanik, eguneroko zerbitzuan euskarak duen balio eta garrantziaren jabe dira eta orain arte era naturalean egindakoa formalizatu nahi dute konpromiso honen bitartez.

LAUDIO BIZI, EUSKARAZ BIZI!!!!!!!




2024/09/09

LOURDES VERDUGORI ELKARRIZKETA

 

LOURDES VERDUGO DUARTE-LOURDES OKINDEGIA (Gurutzeta,1971)

Kaixo Lourdes, egun on, goizean goiz etorri gara zure okindegira, zelan zaude?

Ondo, hemen oso goiz hasten gara, badakizu.

Bueno lehenengo eta behin esan ahal diguzu noiz hasi zinen zure negozioarekin?

Hasi hasi orain dela 30 urte, baina establezimendu honetan eta nire kabuz bi urte daramatzat.

Hasiera hasieratik gurekin harremanetan jarri zinen merkataritza egitasmoan parte hartzeko asmoz eta kartelak euskaraz ipini nahi zenituelako, zer dela eta interes hori? Zelan izan zenuen gure egitasmoaren berri?

Toldoa euskaraz ipintzeko dirulaguntza eskatu nuen eta orduan esan zidaten dirulaguntza horrez gain merkataritza egitasmoan parte hartu ahal nuela eta berton lagunduko zenidatela kartelak eta bestelako elementuak euskaraz ipintzen.

Zu ez zara euskalduna, zergatik orduan hainbeste interes euskarazko kartelak ipintzeko? Zein da zure motibazioa euskararekiko edo zein etekin uste duzu atera ahal diozula honi guztiari?

Eskola baten aurrean nagoelako batez ere, ume asko sartzen dira hona eta ezin diet euskarazko arreta zerbitzua eskaini, baina bai, ordea, euskarazko karteleria. Bestetik, nik neuk ere ikas dezakedalako kartelei esker, eta ikastea beti da aberasgarria.

Zenbat kartel ipini dituzu guztira?

Buf, buruz ez dakit baina ahal izan dudan guztia euskaratzen saiatu naiz: ordutegia, ogien kartel txikiak, gure zerbitzuen berri ematen duten kartelak, okindegiko produktuen izenak jasotzen dituztenak... eta kartel gehiago euskaratzen jarraitzeko asmoa daukat.

Egitasmoko kanpaina bereziren batean parte hartu duzu edo parte hartuko zenuke?

Ez, oraindik ez oso goiz delako eta kartelekin nahikoa dudalako. Gainera, kanpaina gehienetan parte hartzeko balditzak momentuz ez ditut betetzen. Baina aurten agian animatuko naiz kanpainaren batean parte hartzera, apurka apurka joan nahi dut.

Animatuko zenituzke zu bezalako pertsonak egitasmoan parte hartzera eta kartelak euskaraz ipintzera? Zer esango zenieke?

Nik baietz esango nieke, parte hartzeko, zeren eta zerbitzuaren laguntzarekin erraztasun guztiak ditugu eta gehiago edo gutxiago bada ere zerbait egin dezakegu gure establezimenduetan euskara erakusgai izateko. Eta gainera, berriz ere, azpimarratu nahi dut asko ikasten dela kartelen bidez.

Amaitzeko, nola ikusten duzu zeure burua 5 urte barru? Uste duzu behintzat euskara gehiago jakingo duzula? Eta egitasmoan aurrera egiteko moduan egongo zinatekeela pentsatzen duzu?

Nik esaldi batean laburtuko nuke eta hau da: "egunero ikasten da zerbait". Beraz, horrela bada, suposatzen dut hemendik bost urtetara euskara gehiago jakingo dudala eta noski, egitasmoan aurrera egiteko moduan egongo naizela, baina oraindik asko geratzen zait euskarazko zerbitzu bat eskaini ahal izateko.

MILA ESKER ZURE DENBORA ESKAINTZEAGATIK LOURDES ETA EGUN ONA IZAN!

ESKERRIK ASKO ZUEI!

2024/06/03

Euskarak badu saria merkataritzan

Urtero egiten dugun "Euskara, Sari Ziurra" kanpainari esker hainbat opari banatu dira Laudioko establezimenduetan, eta berriz ere bezero zein merkatarioi gogorarazi eta oroitu dizuegu zein garrantzitsua den merkataritza, ostalaritza zein zerbitzu enpresetan euskararen erabilera bultzatzea. Hemen Multiópticas optikan jasotako opariaren argazki polit bat eta eskerrak eman zuen egunerokoan establezimenduetan euskaraz hitz egiten duzuen edo saiatzen zareten guztioi, bezero zein merkatarioi. Eskerrik asko!!!!!!



2024/03/25

Euskara, Sari Ziurra 2024

Hiru astez txartelak banatzen egon ostean, martxoaren 22an, Dolumin Barikuan, kapaina honi emateko ohiko zozketa egin genuen Herriko Plazan. Aurten giro ezinhobean egin dugu, eguraldia lagun eta korrika giroarekin. 

Mila esker parte hartu duzuen guztioi: merkatari, ostalari, bezero....

Eskerrik asko!!!!👋👋👋

Hemen ateratako zenbakien zerrenda:



2024/02/26

Okindegia Lourdes gozotegia

2024an beste hitzarmenkide hau ere gehitu zaigu egitasmora: Lourdes gozotegia, Laudioko Ugarte auzoan.

Jabeak oraindik euskaraz ez dakien arren, ikasteko gogo handia erakutsi digu, eta hasteko euskarazko kartel ugariz josi du denda. Apurka-apurka euskararen aldeko dinamiketan parte hartu ahal izateko lehenengo urratsak eman  nahi ditu establezimendu honek, hala izatea espero dugu behintzat.

Hemen dendan ikusi ahal diren kartelen argazkitxo polit bat!!!!




2024/01/16

Nare ile-apaindegia

Nare ile-apaindegia gehitu dugu gaur egitasmora. Udalarekin maila ertaineko konpromisoa sinatu du, hau da, irudia, komunikazioa eta zerbitzua euskaraz. Bere jabea den Ainhoak jada bere kabuz egiten zuena publiko egin nahi izan dugu modu honetan. 

Honekin batera gogoratu nahi dizuegu laster barru berriz ekingo diogula "Hazka eta irabazi" kanpainari, eta beronen arrakasta guztion esku dagoela, bezero eta merkatarien esku. 

Hemen Nare ile-apaindegian ateratako argazki polit bat!!!!!!!



2024/01/08

Erakusleiho lehiaketan ere euskaraz

Dagoeneko sei urte dira Laudioko erakusleiho lehiaketan euskararen kategoria saria sortu genuela, eta esan beharra dago oso harrera ona izan duela urte hauetan guztietan, batzuk gogorrak izan badira ere.

Aurtengo edizioan 16 establezimenduk hartu dute parte: Aldama arrandegia, Can-Can arropa-denda, Charol jantzi-denda, Ez & Bai arropa-denda, Irusta opari-denda, Irrintzi euskal jantzi-denda, Jana ile-apaindegia, Juan tapizeria, Lur belar-denda, Nahikari lurrindenda, Nina arropa-denda, Olympus kirol-denda, Optica Luyando, Roiz zapata-denda, Trece arropa-denda eta Tximeleta arropa-denda eta irabazlea Lur belar-denda izan da erakusleiho polit honekin.