2024/09/09

LOURDES VERDUGORI ELKARRIZKETA

 

LOURDES VERDUGO DUARTE-LOURDES OKINDEGIA (Gurutzeta,1971)

Kaixo Lourdes, egun on, goizean goiz etorri gara zure okindegira, zelan zaude?

Ondo, hemen oso goiz hasten gara, badakizu.

Bueno lehenengo eta behin esan ahal diguzu noiz hasi zinen zure negozioarekin?

Hasi hasi orain dela 30 urte, baina establezimendu honetan eta nire kabuz bi urte daramatzat.

Hasiera hasieratik gurekin harremanetan jarri zinen merkataritza egitasmoan parte hartzeko asmoz eta kartelak euskaraz ipini nahi zenituelako, zer dela eta interes hori? Zelan izan zenuen gure egitasmoaren berri?

Toldoa euskaraz ipintzeko dirulaguntza eskatu nuen eta orduan esan zidaten dirulaguntza horrez gain merkataritza egitasmoan parte hartu ahal nuela eta berton lagunduko zenidatela kartelak eta bestelako elementuak euskaraz ipintzen.

Zu ez zara euskalduna, zergatik orduan hainbeste interes euskarazko kartelak ipintzeko? Zein da zure motibazioa euskararekiko edo zein etekin uste duzu atera ahal diozula honi guztiari?

Eskola baten aurrean nagoelako batez ere, ume asko sartzen dira hona eta ezin diet euskarazko arreta zerbitzua eskaini, baina bai, ordea, euskarazko karteleria. Bestetik, nik neuk ere ikas dezakedalako kartelei esker, eta ikastea beti da aberasgarria.

Zenbat kartel ipini dituzu guztira?

Buf, buruz ez dakit baina ahal izan dudan guztia euskaratzen saiatu naiz: ordutegia, ogien kartel txikiak, gure zerbitzuen berri ematen duten kartelak, okindegiko produktuen izenak jasotzen dituztenak... eta kartel gehiago euskaratzen jarraitzeko asmoa daukat.

Egitasmoko kanpaina bereziren batean parte hartu duzu edo parte hartuko zenuke?

Ez, oraindik ez oso goiz delako eta kartelekin nahikoa dudalako. Gainera, kanpaina gehienetan parte hartzeko balditzak momentuz ez ditut betetzen. Baina aurten agian animatuko naiz kanpainaren batean parte hartzera, apurka apurka joan nahi dut.

Animatuko zenituzke zu bezalako pertsonak egitasmoan parte hartzera eta kartelak euskaraz ipintzera? Zer esango zenieke?

Nik baietz esango nieke, parte hartzeko, zeren eta zerbitzuaren laguntzarekin erraztasun guztiak ditugu eta gehiago edo gutxiago bada ere zerbait egin dezakegu gure establezimenduetan euskara erakusgai izateko. Eta gainera, berriz ere, azpimarratu nahi dut asko ikasten dela kartelen bidez.

Amaitzeko, nola ikusten duzu zeure burua 5 urte barru? Uste duzu behintzat euskara gehiago jakingo duzula? Eta egitasmoan aurrera egiteko moduan egongo zinatekeela pentsatzen duzu?

Nik esaldi batean laburtuko nuke eta hau da: "egunero ikasten da zerbait". Beraz, horrela bada, suposatzen dut hemendik bost urtetara euskara gehiago jakingo dudala eta noski, egitasmoan aurrera egiteko moduan egongo naizela, baina oraindik asko geratzen zait euskarazko zerbitzu bat eskaini ahal izateko.

MILA ESKER ZURE DENBORA ESKAINTZEAGATIK LOURDES ETA EGUN ONA IZAN!

ESKERRIK ASKO ZUEI!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina