OIHANE ALDAMA LARRAZABAL-ALDAMA ARRANDEGIA
(Laudio,1985)
Egun on Oihane, arrandegietako erronda hau amaitzeko lehenengo eta behin galdetu nahi genizuke ea bezero asko datozkizun euskaraz hitz egiten.
Bai nahikotxo datoz, eta gainera nik beti agurtzen ditut "kaixo" edo "egun on" esaten, eta horrela normalean euskaldunak badira jarraitzen dute euskaraz hitz egiten. Hala ere, badago jendea zuzenean euskaraz sartzen dena badakielako ni euskalduna naizela.
Euskarri pila bat daukazue euskarazko zerbitzu horri laguntzeko, hala nola, arrandegietako ohiko esaldiak biltzen dituen kartela, arrainen kartelak, metakrilatoa...nabaritzen duzu hauen eragina edo besterik gabe etortzen zaizkizu bezeroak euskaraz hitz egiten?
Euskarriek eragina dute noski, baina nik uste dut euskarazko zerbitzuaren arrakasta elementu askoren multzoa dela, hau da: nik agurrak euskaraz egitea, identifikazio argazkiak ikusgai izatea...horrek guztiak ahalbidetzen du establezimendua euskarazko zerbitzuarekin identifikatu ahal izatea eta jendeak gero eta gehiago euskaraz egitea, ez da gauza bakarra. Jendea asko fijatzen da arrainen izenetan, ez bakarrik erdaldunak, euskaldunak ere bai, eta gustatzen zaie izen horiek ikastea. Beraz, eragina badu, baina lehen esan dudan bezala, ez da bakarrik hori, gauza askoren multzoa baizik.
Arrandegien kasuan erraza al da euskarazko zerbitzua eskaintzea?
Orain bai, baina hemen arrainez gain plater konkretuak ere saltzen ditugu eta kasu horretan gehiago kostatu zaigu bezeroak euskaraz artatzea, terminologiaren ezagutza faltagatik. Baina apurka-apurka ikasten joan gara eta nahiko ondo moldatzen gara gaur egun. Arrainen salmenta, ordea, errazagoa da euskaraz egitea.
Gustura zaudete, beraz, merkataritza egitasmoarekin?
Bai zeren eta ondo dator herrian euskararen erabilera bultzatzeko.
Amaitzeko Oihane esango zenuke zerbitzua euskaraz eskaintzeak bezero gehiago ekarri dizkizula?
Agian bai, baina zaila da neurtzea. Bai uste dugu jende asko datorkigula euskarazko zerbitzua eskaintzen dudalako, nabaritzen dugu jendeari gustatzen zaiola nirekin euskaraz hitz egin ahal izatea, baina hori neurtzea zaila zaigu.
Ba eskerrik asko Oihane eta ondo segi.
Ez dago zergatik!Berdin!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina